XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Poztasunetik sortzen den Desira, bada, Poztasunaren afektuak berak laguntzen edo emendatzen du (Poztasunaren Def. arab., 3. Zat., 11. Prop. Eskolioan ikus daitekeena); Tristuratik sortzen dena, aldiz, Tristuraren afektuak berak hertsatzen edo tipitzen du (Eskol. beraren arab.) eta, beraz, Poztasunetik sortzen den Desiraren indarra, gizakiaren ahalmenaren arabera definitu behar da eta, aldi berean, kanpoko kausaren ahalmenaren arabera; eta Tristuratik sortzen den afektuaren indarra, berriz, gizakiaren ahalmen soilaren arabera definitu behar da; eta, horrengatik, Desira hura indartsuagoa da, hau baino. H.B.D.B.

Eskolioa

Proposizio apur hauekin esplikatu ditut gizakiaren ezintasunaren eta aldakortasunaren kausak, eta zergatik gizakiek ez dituzten betetzen Arrazoiaren aginduak.

Erakusteko gelditzen zait oraino, zer agintzen digun Arrazoiak, zein afektu dagozkien giza Arrazoiaren arauei, eta zein diren haien kontrakoak. Baina hori guztia gure ordena Geometriko zehatzaren arabera demonstratzen hasi baino lehen, Arrazoiaren agindu horiek laburki erakustea dagokit, lehenik, hemen, bakoitzak errazago uler dezan zer pentsatzen dudan.

Arrazoiak ez duenez geroz deus eskatzen Naturaren kontra, nork bere burua maita dezan eskatzen du berak; bakoitzari onuragarri zaiona zinez onuragarri zaiona bila dezan; eta, gizakia betegintzarre handiago batera egiazki daraman guztia gutizia dezan; eta, absolutuki mintzatuz, bat bedera, haren esku den neurrian, bere izana atxikitzen lehia dadin. Eta hau guztia hain da nahitaez egia, non egia baita ere handiago dela osoa bere zatia baino (ikus 3. Zat. 4. Prop.).

Bestalde, nola bertutea, (8. Def. arab.) bere izaera propioaren legeen arabera ihardutea baizik ez baita eta nola nehor ez baita bere izaera propioaren legeen arabera baizik bere izanaren atxikitzera bermatzen (3. Zat., 7. Prop. arab.).

Hortik dator, lehenbizikorik, bere izan propioari atxikitzeko ahalegina bera dela bertutearen funtsa eta gizakiak bere izana atxiki ahal izatean datzala zoriona. Bigarrenekorik dator, bertutea, berarengatik gutiziatu behar dela eta bera baino hoberik edo guretzat onuragarriagorik deus ez dugula aurkituko, guraritzeko.

Hirugarrenekorik, dator, beren buruaz beste egiten dutenak Izpiritu ezinduak direla eta haien izaera arbuiatzen duten kanpoko kausengatik garaituak direla.